Bada bai. Euria nahiz eguzkia. Lokatza nahiz beroa. Horrelakoa da 1.900 biztanle ez dituen Alemaniako Wacken herrian egiten den munduko metal festibalik handiena. Eta horrela maite dugun bezala, horrela ere gorrotatzen dugu. 2016ko edizioak euria, lokatza, zikinkeria ekarri digu baina baita eguzkia, epeltasuna eta ezeren truke aldatuko ez genituzkeen oso momentu onak ere. Festibalaren antolaketan berrikuntzak, segurtasun neurriak inoiz baino gehiago eta kartel buru ukaezin bat, Lemmy.
250 hektarea dituen lur santuaz ari gara, 250 futbol zelaiek osatuko zuketena. Horietatik, 4,3 ha ditu 75.000 metal zale batu lezaken kontzertu gune nagusiak. 70.000 biztanleko hiri batek erabiliko zukeen 12 megawatt-ko argindar tamaina. 900 komun. 100 gastronomi- eta jan-toki. 300 jan-toki ez direnak. Garagardoa (puuuff… ). 11 kamioi. 20 kotxe todoterreno. 20 bus edo shuttle. 40 moto. 30 quad… 5.000 lanpostu guztira. 1.300 segurtasunerako pertsona. 200 polizia egunero. 200 suhiltzaile egunero. 750 herizain eta antzeko. 4 urjentzia-mediku. 8 eskenatoki. 120 musika- talde… Izugarriak dira zifrak!
Wacken Open Air. 8 eskenatoki. Black Stage, True Metal Stage, Party Stage, W:E:T Stage, Headbangers Stage, Beer Garden Stage, Wackinger Stage eta Wasteland Stage. Wrestling/Slam Tent karpa, erdi-eszenatokia. Eszenategi mugikorrak edo Walking Acts. Baina ez hori bakarrik. Wacken Metal Battle edo nazioarteko talde txikien arteko lehiaketa, Wackenen bertan herrialde bakoitzeko ordezkari bakoitzaren arteko azken lehia duelarik. Italia, Romania, Estonia, Letonia, Bulgaria, Errepublika Kaukasiarra, Portugal, Iceland, Canada, Belgika, Txina, Grezia, Espainia, Faroe Irlak, India, Karibeak, Irlanda, Austria, Luxenburgo, Sudafrika…eta seguru bat edo beste pasa egiten zaidala. Aurtengo irabazleak: Sudafrikako Zombies Ate My Girlfriend. Baina izan ziren gertuago ditugun Crixis talde kataluniarra eta [In Mute] balentziarrak ere. Wackinger Village, folklorikoa, jatorra, autentikoa. Erdi-arora egindako bidaia. Ezpatak, armadurak, sua, lokatza, metala, sokak… eta Wasteland Warriors post-apokaliptikoak, urtetik urtera gordinagoak, ikusgarriagoak…apokaliptikoagoak. Wrestling/Slam Tent-ean, borroka zaleentzat ere tokia Wrestling-a eta poesia zaleentzat Slam-a, biak ala biak, karpa berean. Wacken App ere, noski, guztiaren jarraipena mobiletan izan dezagun. Wacken Fanmail ere, helbide elektronikoak arroba wacken.de izatea nahi duenarentzat. Wacken TV, etxean geratu zirenentzat…
Baina ez da hor bukatzen. Wacken ez da bakarrik hori, ez! ez da urtean behin egiten den festibal eroa. Urtean zehar beste hainbat ekitaldi antolatzen dira, zein baino eroagoa. Hor dago jada bigarren edizioa izango duen Full Metal Mountain festibala, Austriako negu gorrian musika eta neguko oporrak konbinatzen aurreko urtean egin dena eta datorrenean ere egingo dena, 2017ko martxoaren 27 eta apirilak 2a bitartean, Amon Amarth, Dragonforce, Doro, Axxis, D-A-D, The Quireboys…bezelako taldeekin ( http://www.full-metal-mountain.com/). 2017an estreinakoz, Wacken Winters Nights ere izango dugu, neguko festibal metal-folklorikoa hau, musika eta alemaniar kulturaren espektakulu ezberdinak nahastu eta aurkeztuko dituena, kasu honetan, Wacken herrian bertan, Saltatio Mortis, Subway To Sally edo Russkaia bezalako taldeekin (www.wacken-winter-nights.com/). Full Metal Cruise huntzi- kruzeroa ere hor dugu, itsasoko oporrak eta metala bat egiten, jada 5. Edizioari begira (www.full-metal-cruise.com/). Eta esan gabe doaz urtean zehar egiten diren festibaltxo eta warm up kontzertuak buruz, hala nola, Hamburg Metal Dayz, Reload Festival, Elbriot, Rheinriot…
Esandakoa, benetako marka.
Gatozen bada harira.
Abuztuaren 3a, asteazkena
Ohikoa bezala iritsi ginen herrira. Viajes Dibestis-en eskutik, hegaldia Bilbotik Hamburg-era, eta trasladoa aireportutik Wacken herrira. Borobil.
Eguerdin iritsi ginen, baina ordurako, berandu iritsiko bagina bezala, kale nagusia eta inguruneak jendez petaturik zeuden, zein baino eroso eta gusturago. Euria? Ez. Baina bota zuenaren susmoa ematen zigun topatu genuen lokatza. Asteazkena, etorri berriak indartsu eta gogotsu izanagatik, suabe hasten den eguna da. Bullheads City Circus karpako W.E.T. eta Headbangers eszenategi txikiak daude soilik martxan, ez horregatik talde txikientzat. Egunaren lehen zatia Metal Battle-ari dagokio, ezagunagoak diren izenei giroa berotzea beharko lukete bezala. Henry Rollins-en Spoken Word-a dugu programan, hirutan lehena, eta hurrengo 3 egunetan luzatuko dena, musikaz, munduaz eta musikaren munduaz bakarrizketan arituko zaiguna.
Bliksem izan ezagutzen ez genuen taldea eta ederki asko sartu zitzaiguna. Thrash doinuak behatz artean eta freskotasuna ahotsean. 2012tik ari dira eszenatokiei su ematen eta espero horretan jarraitzea urtetan.
Abuztuaren 4a, osteguna
2016ko edizioari irekiera ofiziala, aldiz, ohi bezala, Skyline taldeak ematen dio ostegunean. Talde mitikoen hainbat bertsio egin eta, konturatze ordurako, atzera bueltarik gabeko bidean gaude aurrera.
Hurrena listan Saxon genuen, festibaleko lagun zaharrak izatez, esan zuten moduan, 1992az geroztik. True Metal eszenatokian entzun genituenen artean, noski, The Eagle Has Landed, Power And The Glory, Crusader eta 3 egunetan hain gogoratua izango den Lemmyren oroimenean joan zen Heavy Metal Thunder. Espero zitekeen moduan, bikain!
Eszenatoki berean jarraituz, eta zerbeza pare bat eta gero, Foreigner hard-rock talde ipar-amerikarra. Ez dela ohikoa horrelako doinu ‘suabeak’ Wacken bezalako heavy metal festibal ‘gogor’ batean entzutea esango lukete askok, baina inork ere ez erabat asmatua izan ez zenik, inguru hauetan horietaz gozatzeko aukera gutxi dugunean bereziki. Taldeak ez zuen sorpresarik eman abesti-zerrendari dagokionez (gogoratu, Urgent, Doble Vision, Head Games, Dirty White Boy, Juke Box Hero…eta nola ez, metalero gogorrena ere abesten ikusi genuen I Want To Know What Love Is), ezta ezer esateko betarik ere, izan ere, partaide guztiek, Kelly Hansen handia buru zutela, modu seguru eta azkarrean, guztia eman baitzuten.
A Night To Remember ohi da osteguneko gaua eta, horretan, Wackeneko bidea jada ezagutzen duten horietako beste batzuen txanda zetorren, alegia, Whitesnake hard-rock talde handiarena . Ezer berririk David Coverdale-en taldearen eskutik, aurretik emandako emanaldien eskema bera errepikatuz, baina talde bete eta bateratuan. Betiko abestiak disfrutatu ahal genituen, ederki asko ere, Bad Boys, Fool For Your Loving, Crying In The Rain, Is This Love, Here I Go Again… eta, noiski, euripean, Still Of THe Night. Hori bai: gitar soloa, baxu soloa eta bateria soloa. Konpleto!
Zer esan hurrengoei buruz? True Metal eszenatokia berea eta bakarrik beraientzat izan zuten. Prime Time. Ilunabarrean. Talde handienei eskaini ohi zaien moduan, kontzertu eremu nagusia zaleez gainezka. Beraien lan berria aurkezten, arimen liburutik ateratako abesti sorta ederrarekin zetozen eta esku hutsik joateko asmorik ez zuten. Iron Maiden beti tinko, zuzen, egiten dutenaren ziurtasunak ematen duen botereaz. Kontzertuaren zehar Book Of The Soul lanaren kontu eman zuten, diskak dituen doinu handienak ederki taularatuz, betiere gure bizitzaren himno bilakatu direnak tartekatuz. If Eternity Shall Far, Speed Of Light. Ez zuen luze eman lehenengo klasikoak entzuten hasterako. Children Of The Dammed. Bikain. Ondoren etorri ziren Tears Of A Clown, The Red And The Black eta, betirako gaua apurtzen, The Trooper eta Powerslave. Death Or Glory eta The Book Of Souls bera arimen kaxatik. Jarraian, Hallowed By Thy Name, Fear Of The Dark eta, Eddie-rekin batera, Iron Maiden. Euria? Non? Bisetan, noski, The Number Of The Beast, Blood Brothers eta, eszenatokiaren tamainako Eddie baten besarkadaz, Wasted Years. Bukatzeko, kontatu digute, zaleen txandan, zorionak zuri, zorionak zuri Bruce, zure 58. ean!
Ordurako gu jada karpan ginen, hurrengoaren doinu artean, izan ere, paradak merezi zuen. Michael Monroek ez du gehiago behar baina gutxiago ere ez. Eszenatokia eta zale taldea. Lan berria aurkezteko hartu zuen tartea finlandiarrak, doinu mitikoen abantailari uko egin gabe.
Jarraian, ondoko eszenatokian, Blue Öyster Cult, hauek ere izen handikoak. Baxu sonatu bazuten ere, bikain aritu ziren, nahiz eta aurrekoak jarritako abiadurarekin neurria hartzea kostatu zitzaigun. Konturatzerako, Don’t Fear The Ripper jotzen ari ziren, set list labur bezain goxo baten amaieran, Wackeneko gau heze eta hotz batean.
Abuztuaren 5a, ostirala
Festibalak hasi besterik ez zuen egin eta jada matxakatuak geunden. Eguraldiak trago gazi gozoren bat eman zigun, orain euria, orain eguzkia bezalako momentuekin baina, tira, zer izango litzateke Wacken horrelakorik gabe…
Herriari bisita egiteko tartea hartu genuen. Herriko jaietan bagina bezala, hemen ere Wacken guztia festibalarekin bat egiten du. Horren adierazle, herriko apaizak berak ere horretara egiten duen ekarpena, hainbat ikuskizun elizan bertan egiteko aukera ematen; edo herriko igerilekua, jai gunea ere asko eta askorentzat, uraren freskotasunean, esaterako, Blaas Of Glory txaranga bolingak jotako doinuen erritmoan plisti-plasta ibiltzeko; edo kale nagusian zehar txosna moduan hainbatek eta hainbatek jarritako edari zein janari postuak…
Gu bertan kokatzen den Metal Place-ko lagunei kasu egitera joan ginen, 2 euroren truke zerbeza katxia Ötinger-en bete ondoren. Han ziren guztiak, urte batetik bestera topatzen ditugunak, denbora pasako ez balitz bezala, lekuaren parte izango balira bezala. Alemaniar izaera ondo adierazten duen tokia duzue hori, alemana peto-petoa, barruko eta kanpoko bier-garten-ean, metal doinu klasikoak , mahai gainera igota eta zerbeza pitxarra eskuan dutela, kantatuko dituztenak topatzeko tokia. Bada gezurra badirudi ere, euskaldunekiko duten gertutasuna begi bistakoa da, euskalmetalheadsenganako sinpatia eta paretako sareetan eskegita duten ikurrinak adierazten duten moduan.
Beyond The Black atzean utzita, segidan Bullhead Circus karpan barneratu ginen, Azkena Rock festibalean erdizka ikusi genituen The Vintage Caravan islandiarrak ikustera. Ez zen beraien lehen agerraldia izan Wackenen. Jada ikusiak genituen bertan. Ikusiak ere Ondarribiko jaietan! Hard-rock setentero gaur eguneko tokeekin, psikodelia, stoner ukituak. Izugarriak benetan! Beraien Arrival 3. lanarekin zetozen eta ez zuten bat ere utzi ondo astindu gabe. Black Swan edo Expand Your Mind, Cocaine Sally edo Babylon, Innerverse, Crazy Horse bezalako bitxiak zuzeneko gordintasunean entzuteak ez du preziorik.
Loudness, Axel Rudi Pell…eta eszenatoki beran, jarraian, Bullet For My Valentine. Galeseko laukoteak aurreko urtean editatutako diskoa zuten erakusgai, dagoeneko 5.a, Venom, eta baxu jole berria aurkezteko. Taldearen lanei (ez guztiei) errepaso polita eman zioten eta, forman daudenaren seinale, zuzeneko indartsua erakutsi zuten. Entzun genituen artean lan berriko V eta No Way Out saio zabaltzen eta Skin. Jarraian, 4 Words (To Choke Upon) eta Hand Of Blood hit ezagunak. Army Of Noise azkenekotik ere eta, inondik inora amore eman gabe, disko bereko luxuzko ediziotik Raising Hell. Scream Aim Fire izugarria izen berekotik eta Tears Don´t Fall garaian berriro atzera egiteko. Alone Fever-etik eta berriro berritik, You Want A Battle? (Here’s A War). Amaitzeko hain espero genituen Your Betrayal (Fever) eta Scream Aim Fire-ko Waking The Demon. Ordu eta laurdeneko astindua eta jarraitzaileak gustura.
XXX, Kai Hansen, proiektuaren buru izaki eta antzeko autobiografia baten itsura osoa duen Three Decades Of Metal lehen lana kalean duelarik, Wackenekoa zen bere lehen agerpenean, lanaren aurkezpena egiteko asmotan zetorren, rock talde berrien hasieratan lagun eta pizgarri den Wacken Fundation erakundera horretan lortutako diru-irabazi guztiak zuzentzearekin batera. Kai and friends esaten zuen kartelak eta hala izan zen, bere ondoan izan baikenituen Alex Dietz baxu jole bezala (Heaven Shall Burn-en gitar jolea), Elike Freese gitarran (Kairekin batera Gamma Rai-en azken diskoan produkzio lanetan ibilia) eta Daniel Wilding baterian (Carcass). Ahotsean, Kai bera eta tarteka, Michael Kiske bera ere, zertaraklo eta Helloween-en garaiko I Want Out eta Future World, eta beste lagun bat, Frank Beck, Gamma Rai-en ahotsaren euskarri lanak egiten dituena eta Helloween-en Ride The Sky eta Victim Of Fate abesti potenteekin ausartu zena. The Contract Song, Burning Bridges, Follow The Sun…dirudienez, entzundakoaren arabera, hard rock kutsu bat izango badu ere, heavy eta power metal osoko diskoaz ari garela esan genezake. Ikusi behar!
Haiek hurrengoen sarrerakoa izan zirela esan genezake, partida nagusiaren derrigorrezko beroketa. Kolpez kolpe, oraingo Helloween atzean utzi eta izan zenaren izaera berreskuratu duen doinuen konbinazioa Unisonic du izena, Michael Kiske-k (Helloweenen fundatzaile eta ahotsa), Denis Ward-ek, Kosta Zafiriu-k (azken horiek Pink cream 69tik) eta Mandy Meyer –ek (Asia eta Gotthard) 2009an sortu eta ondoren 2011ean Kai Hansen berak osatu duten talde bikaina. For The Kingdowm, Exceptional, Your Time Has Come, Star Rider, Unisonic … bezalako hit-ak erritmo bizi bezain indartsuan entzun ahal izan genituen, noski, beste moduan izan ezin zuen bezala, Helloween-en March Of Time eta, berriro ere, I Want Out.
Ostirala zela eta lokatzak areagotu zuen nekea desagertu eta zerura bultzatzen zaituen adrenalinak ematen duen igoaldiaren osteko atsedenaldiari denbora eman gabe, eszenatoki batetik bestera salto egin eta hor genuen zain hurrengo danbada. Testament. Eric Peterson eta Chuck Billy buru duen dragoiak gogor ekin zion beraiek ondo egiten dakiten horri. 2016 urte honetarako lan berria labetik ateratzeko zorian gauden honetan, aurkezpenetan denborarik ez zuten eman. Guztiak, jada, elkar ezagutzen genituen horretan. Over The Wall hasteko, 87.urte hartatik ekarria. Rise Up, The Preacher, More Than Meets The Eye, Practice What You Preach, New Order, Dark Roots Of The Earth, Into The Pit, Native Blood… eta amaieran, The Formation Of Dammnation. Zer gehiago esatea nahi dezue? Thrash gordina.
Abuztuaren 6a, larunbata
Eguerdiko eguzkiak gure buruak berotu gintuen horretan, DragonForce britainiarrek zainak jarri zizkigun bor-bor. Zer hori baino hobeto aurreko gaueko mailari eusteko? Norbait lo bazegoen orduotan, orain zuen unea esnatu eta biziberritzeko. Taldeak eszenatokian gastatzen duen bere osasun eta umore ona erakusgai utzi zituen, box-etan konponketa lanetan izan den formula 1eko kotxea balitz, berriro abian. Herman Li eta Sam Totman, biak ala biak gitar zale eta malabaristak; Vadim Pruzhanov, teklista liluragarria; eta horiekin, Marc Hudson ezinezko ahotsetan, eta baterian, Gee Anzalone, fitxaketa berria. Aipagarria ere Marc-ek, behar izan duenean, ordezko eta lagun izan duenaren parte hartzea ere, Pelie K norbiegiarra, hain zuzen ere. Abestietan sorpresari bestela ez. Set list bikaina, sekulako jaia. Holding On, Spirit Will Go On eta atzera bueltarik ez. Heroes Of Our Time, Fury Of The Storm, Cry Thunder, Valley Of The Dammed… eta Thought The Fire And Flames. Ondo, ez?
Wackenen ezinezkoa bada ere talde guztiak, zaila baino zailagoa da ere talde ‘handiak’ utzi eta talde ‘txikiei’ begiratzea ere. Ez da tamaina kontua noski, kuriositate asuntoa baizik. Infield-a utzi eta karparako bidaia beti bezain eroa baino aspaldian baino interesgarriagoa izan zen. Hasiak hartu genituen ordu arte ezagutzen ez genituen taldea. Monuments. Londonen 2006ean sortua, metal progresiboa, groove-a egiten duten gazte taldea da. Indartsu, gogotsu, jakintsu. Kontutan hartzekoak.
Year Of The Goat zen horietako beste talde bat. Handien horietako talde txiki bat. Suediarrak. Ghost edo Cathedral gustokoak badituzu, occul rock-ari buruz hitz egiten entzungo zenuen orduan. Beraz, ez geratu Year Of The Goat musikan nabigatu gabe geratu. 2011ean hasi ziren serio. Angels’ Necropolis disko berria dakarkigute arte beltzatik. Hala diote bere Facebookean: ‘Lucifer is not fallen, he is the force that rises above such silly concepts as moral absolutes and eternal torture for non and petty crimes’. Amen.
Haundietara berriro. Beno…edo benetan gustoko ditugun gezurretako talde horietako batera. Bai, Steel Panther. Aski ezagunak dira inguru honetan, Azkena Rock-en ere izan ziren… Kaliforniarrak beraiek, badute meritua, nire uste apalean, erraz jaso daiteken hard rock doinuak eta letrarik sarkastikoenak batzen. Irrifarre egitea gauza ona da beti, baina norberaz parre egitea are hobeagoa. Michael Starr, Satchel, Lexxi Foxx eta Stix Zadinia-k ederki dakite hortaz. Janzkera koloretsuak, mailak, niki pegatuak, apurtuak, pelukak… eta titiak. Parodia-antzezlan musikal kritikoa ala hard-rock-glam lotsagabea? Festa, behintzat, aseguratua!
Hala ere, bidetik, jateko zerbait eta Wackinger Village edo erdi arora denboran salto. Musika, zerbeza, lokatza. Alegia, asfaltoaren aurre-garaietara bidaia. Wackeneko bitxietako bat da berau, urtetik urtera garrantzian eta tamainan gora egiten ari den gunea. Hor gainerako festibalekin duen diferentzietan nabariena! Alemanian badakite nondik datozen eta aleman modura ez beste, iparraldeko herrialde bateratu baten modura agertzen dira, horretan, suediarrak, finlandiarrak, norbegiarrak, daniarrak… eta gehiegi estutu gabe, euskaldunok ere besarkatuz. Piratak, bikingoak, bai. Herri baten nortasuna, kultura eta ezaugarriak denboran zehar ekarri eta gaur eguneko mobidarekin uztartu eta izugarrizko festa ematen du emaitza modura. Ezpata borrokak, su-espektakuluak, erdi-aroko joko eta dantzak, jantzi folklorikoak, herri-janaria, musika… guztiak du tarte eta parte, baldin eta denboraren makinak badator.
Steel Panther-ekoek berotu zuten bai berotu giroa eszenategi bera konpartituko zuten hurrengoen emanaldia. It’s A Long Way To The Top (If You Wanna Rock n’ Roll’ AC/DC talde mitikoaren tema izan zen mitikoak ere diren Twisted Sister taldearen epitafioaren hitzaurrea. Bai, Jai Jai, Eddie ‘Fingers’, Mark ‘The Animal’ Mendoza, Dee Snider eta, A.J.Pero 2015ean hil ondoren, Mike Portnoy osatzen duten boskoteak agur esaten dio eszenatokietan talde bezala agertzeari, Dee-ren hitzetan, argi eta garbi utzi nahi izan zuen modura, beste askok esan, despedida-tourrak eman eta egin ez duten horiek ez bezala. Stay Hungry-k ireki zuen beraiena zen gaua. Segidan The Kids Are Back, Burn In Hell eta tarteka, Dee nekaezinaren hitzak baino hizketaldiak. Destroyer, Like A Knife In The Back, You Can’t Stop Rock And Roll. Espero eta izan genituen. The Fire Still Burns, I Am (I’m Me), gogoeta gehiago eta We’re All Not Gonna Take It, zaleek eskatuta, bultzatuta, luze. The Price, pagatu eta joan diren A.J. eta Lemmy-rentzat. I Belive In Rock N’ Roll, Under The Blade, I Wanna Rock eta, bisetan, su eta eztanden artean, Shoot’em Down, Tear It Loose eta, suaren epeletan, SMF. Agur t’erdi.
Gaua amaitzen bakarrik ez, festibalarenak ere egiten ari zuen. Ozta-ozta iritsi ginen Arch Enemy ikustera, bajak jada nabariak izaten hasiak ziren momentu batean. Nekeak, hurrengo egunean norberaren etxerako bueltak eskatzen duen atzera-egiteak eta amaiera orok ahoan uzten duen gustu gazi-gozoak hunkitu ere egin egiten du eta bat baino gehiagorengan, aizu! (edo zerbezaren ajea zen guztia…?). Kontuak kontu, musika zegoen atzetik, tartean eta aurretik ere. ‘Jaio, musika, hil’ dio batek… Esandakoa, suediar death metal melodikoaren tartea. Michael Abott, Daniel Erlandsson, Sharlee D’Angelo, ezagunak jada, eta Alissa White Gluz (The Agonist) eta Jeff Loomis (Nevermore), azkenak taldean sartzen eta erabat integratuak orain. Kontzertu bikaina izango zela aurreratu ziguten, taldearen historian inoiz erakutsi ez duten eszenategian arituko ziren War Eternal biraren azkeneko kontzertu izango zen honetan, Wackeneko eta mundu osoko zaleentzako, izan ere, grabatua geratuko zen emanaldia izango zen bertan ikusi eta entzun genuena, gero, birak eskaini dituen anekdota, kuriositate eta kontakizun anitzekin batera, formatu gogorrean (DVD, Blu-ray…) eta luxuzko moduan editatua izango dena. Show-a primeran joan zen, espero bezala. Khaos Legions Angela Gossow abeslari zela argitaratutako estudioko azken laneko introa eta Yesterday Is Dead And Gone abestiarekin eman zioten hasiera trakari. Eta kartutxo guztiak erre bitartean, ez zuten amore eman. War Eternal jarraian. Ravenous, My Apocalypse, Dead Eyes See No Future, No Gods No Masters, We Will Rise…eta, noski, Nemesis. Izugarri!
Hurrengo txanda Dio Disciples-ena zen. Ez genituen ikusi, bueltarako busa goiz xamar baikenuen eta lo zerbait, kanpina desegin eta guztiak jaso behar genituen ordurako. Berez, Dio-ren talde tributo bat besterik ez zela pentsatuko bazenu, gu bezain nahastuta ibiliko zinateke, izan ere ‘oso gonbidatu berezia’-rekin zetozen, alegia, inondik inora espero ez genuen Dio beraren hologramarekin. Teknologia berriak, badakizu!
Eta horrela amaitu zen gure txanda, ez, hori bai, ohi bezala, hurrengo Wacken Open Air 2017-rako lehengo taldeen konfirmazioak egin aurretik. Eutsi honi: Amon Amarth, Avantasia, Candlemass, Hämatom, Heaven Shall Burn, Kreator, Lacuna Coil, Mayhem, Paradise Lost, Powerwolf, Saltatio Mortis, Sonata Arctica… 2017ko abuztuaren 3-5. Sarrerak dagoeneko salgai. Baina ojo! abuztuaren 8rako dagoeneko 45.000 sarrera salduak zituzten.
Gora gu ta gutarrak!!!
Textua: Iñaki Barzina eta Ainhoa Eguren
Argazkiak: Iñigo Malvido
MAS IMÁGENES AQUÍ
https://www.flickr.com/gp/malvidofotografia/181W4K
[AFG_gallery id=’3′]