Gaur, ekainak 30, XVIII. San Nahi´d eguna ospatuko dugu Easo plazan.
San Nahi’D eguna amarako gazteok ekainaren bukaeran antolatzen dugun Euskal jaia da. “Nahi duguna” egiteko eguna dela diogu baina jaialdi honen esanahia eta helburua, izenaz haratago doa: jai ofizialen mugetatik atera eta auzotarren parte-hartzea bermatuko duen aisialdi eredu batera jauzia eman nahi dugu. Horretarako, jakina denez, aurrez bildu, erabakiak hartu, ardurak banatu eta lanari ekiten diogu, urtero egitarau txukun bat sortu eta dena ondo atera dadin. Jai giroan ospatzen dugun eguna da, auzo giroa piztuz eta alaitasuna zabalduz; gainera, auzokideok elkar ezagutzeko aukera paregabea dela iruditzen zaigu, gure arteko elkartasuna bultzatuz. Horrez gain, gure aldarrikapenak kaleratzeko eta auzokide guztiekin banatzeko jaia ere bada San Nahi’D eguna, besteak beste aisialdi eremu parekide eta herrikoi baten beharra.
Aurtengo egitaraua hurrengoa izango da:
11:00 Tailerra
13:00 karropoteoa Amarako kaleetan zehar
14:00 Bazkari herrikoia
18:00 Sagardo dastaketa
22:00 Kontzertuak: Margot eta Skakeitan
San Nahi’D egunean parte hartzeko gonbidapena luzatzen diegu herritar guztiei, eta gurekin batera, jai giroan eta euskal giroan murgildurik, jaialdiaz gozatzera animatzen ditugu.