SU TA GAR + MENDEKU ITXUA
Data: 2013ko apirilak 30a. Tokia: Doka, Donostia. Jende kopurua: 350 pertsona. Prezioa: 12/15€
Egun kulturak bizi duen egoera latza dela eta ez ohikoa da astean zehar kontzertuak izatea, baina hurrengo egunean festa izanik goraino bete zen astearte gauean Donostiako Kafe Antzokia. Euskal heavy metaleko bi talde esanguratsu izan ziren protagonista, alde batetik ia 25 urteko jardunaren ondoren Euskal Herriko musikaren historiko bihurtu diren Su Ta Gar eta bestetik eibartarren bideari jarraipena ematera deituak dauden Mendeku Itxua. Biek ala biek badute ezaugarri nabarmen bat komunean: heavy metal klasikoa eginez metal zale ez diren pertsona asko ere erakartzen dituzte euren kontzertuetara.
Usurbilgo laukotea izan zen eszenatokira igotzen lehena. Ordutegia errespetatu beharrean eta denbora mugatuarekin, “Piztien Pare” azken lanean oinarrituriko kontzertu laburra eskaini zuten. “Patu Faltxuan” eta “Zinikoen Jolasa”rekin hasi ziren ia hutsik zegoen aretoaren aurrean, baina emanaldiak aurrera egin ahala jendea gerturatu eta giro aparta sortu zuten. Okerrena ordea, eszenatokiko baldintzak izan ziren. Taldeek materialik partekatu ez eta Su Ta Garren ekipo guztia atzean prest zegoenez, MENDEKU ITXUAko bateriak eszenatokiaren ezkerreko alde osoa bete zuen eta gitarra zein baxu amplifikadoreak oholtzaren beste aldean jarri behar izan zituzten. Honek taldearen soinuari ez zion batere lagundu, jo zuten baldintzetan okerragoa ere izan zitekeen arren. Ander Aizpurua gitarjoleak gainera arazo teknikoak izan zituen eta soluetan bere gitarra ez zen behar bezain ozen entzun.
Denbora asko daramate ordea talde bezala eta, arazoak arazo, euren maila altua agerian utzi eta kontzertu aparta eskaini zuten. “Herentziaren Mendekua” edo “Zu” bezalako kantak jada ereserki bihurtu dira eta zaleek ederki gozatu zituzten, lehen diskoko kantaren bat faltan bota zen arren. Oso motza egin zen usurbildarren emanaldia.
Eszenatokiko prestakuntza laburraren ondoren SU TA GARren ordua iritsi zen. “Ametsak Pilatzen” azken lana kaleratu zutenetik hiru aldiz aritu dira Donostian, beti ere jende mordoa bilduz eszenatoki aurrean. Azpimarratzekoa da kontzertu hauetan guztietan aldaketak egin dituztela errepertorioan, nahi adina abesti klasiko baitituzte aukeragai gaur arte kaleraturiko bederatzi diskoen artean eta beti ere kanta kuttunen bat kontzertutik kanpo geratuko den arren, ikusleek ia bi orduko emanaldi bikainaz gozatuko dutenaren erabateko ziurtasuna dute.
Indartsu taularatu ziren, “Etsi Gabe” bizkorra eta “Hesian” basatiarekin hasieratik ikusleak kontzertuaren giroan murgilduaraziz. “Arbasoen Mendekua” goratuaren ondoren “Kantarik Politena”, lan berriko lehena, jo zuten. Soinua gerora dezente egonkortu bazen ere, lehen abesti hauetan ez zen apartekoa izan; gitarrak aski altu zeuden eta dena garbi ulertu arren, talde osoaren soinuari beste areto batean izango lukeen gardentasuna falta izan zitzaion.
Salto eta oihu artean, zaleek sutsuki kantatu zuten “Jainko Hilen Uhartean” eta segidan “Amets Baten Bezala”rekin lasaitasunezko lehen unea iritsi zen. Hemen nabaritu zen bereziki gitarra garbietan ere soinua ez zela behar bezalakoa, honek sentimenduz beteriko kanta epikoa eta Gorosabelen solo itzelak lausotu ez zituen arren.
Publikoari dagokionez, lehen lerroetako gaztetxoen kontrapuntua izan ziren taldea aspalditik jarraitzen duten entzule edadetuak; errepertorioa bezala, kontzertura hurbilduriko zaleak ere garai ezberdinetakoak baitziren. Honek eibartarren musikak duen denborazkanpokotasuna ederki islatzen du, lehen diskoak kaleratu zituztenean oraindik jaio gabe zeudenak egun euren kontzertuetan baitaude, eta lan berrienetako hainbat kanta klasikoen antzera kantatzen dituzte, “Itsasoz Beteriko Mugetan” edo “Norbera Bere Ametsen Jabe” esaterako. Azken laneko “Zain, Zure Zain” balada eta thrash kutsuko “Piztia” ere jo zituzten “Jo Ta Ke”ren une gorenera iritsi aurretik. Taldearen kanta mitikoenaren ondoren aretoa adrenalina puntu altuenean zelarik, ez zuten kontzertuaren amaierarako erritmoa murriztu eta amorruz beteriko “Rotaflexa Garraxika”ren ondoren txalo artean utzi zuten oholtza.
Baina handik inor ez zen mugitu, denek baitzekiten berriro ere itzuliko zirela klasikoetan klasikoenak direnekin zaleak gozaraztera. Eta halaxe taularatu ziren “Geroaren Hazi Heziak”, “David Eta Goliath” eta “Mari” zirraragarriekin, kontzertuari amaiera bikaina emateko. “Beste bat, beste bat” oihu nekaezinek, ordea, taldea berriz ere eszenatokira itzularazi zuten eta zaleek aldarrikaturiko “No Somos Nada”, La Polla Recordsen bertsioa eskaini zuten “Itxaropena” eta “Begira”rekin aretora bertaraturiko guztiak eskertu eta, oraingoan bai, azkenekoz agurtzeko
Gobernatzen gaituztenentzako hainbat mezu kritiko ere izan zituzten, Bulebarreko Aske Gunea eta poliziaren jokabidea tarteko. Honen ildotik nabarmentzekoa da kontzertua itxi zuen “Begira”ren letra, duela hogeita bost urte konposatu arren zoritxarrez egungo errealitatea ederki islatzen duelako.
Laburbilduz, euskarazko metal doinuen gau bikaina izan zen asteartean Dokan bizitakoa. Sarrerak 12 eta 15€ bitartean kostatu arren aretoa bete egin zen eta hori txalogarria da, jendeak dirua kontzertuetara joateko baino oinarrizkoago diren beste gauza batzuetarako behar duen garai honetan kulturak eskaintzen digun askatasuna baitugu alaitasunik handienetakoa.
Testua: Mikel Yarza
Argazkiak: Iñigo Malvido
MENDEKU ITXUADonostiako Guardetxean |
[pe2-gallery album=»http://picasaweb.google.com/data/feed/base/user/103407918133797683929/albumid/5577001062055712289?alt=rss&hl=en_US&kind=photo» ] |
SU TA GARAKUAn-Ilunbe |
[pe2-gallery album=»http://picasaweb.google.com/data/feed/base/user/103407918133797683929/albumid/5695655092317864097?alt=rss&hl=en_US&kind=photo» ] |